Googlek bere betaurrekoek egin dezaketena erakutsi du Youtuben

Berriak

Google Glassak smartphone edo tablet baten erabilpen asko eskaintzen dizkio erabiltzaileari, begietan zuzenean.

Googlek Glass izeneko errealitate areagotuaren betaurrekoak egin dezaketena erakutsi du Youtuben sartutako bideo batean. Mountain View konpainiak betaurrekoak globo aeroestatikoan egindako bidaian, eski pista batean edota erorketa askean probatu ditu argazkiak, bideoak eta Hangouts-ak egiteko zein Google Mapsen ibilbide bat egiteko.

Errealitate areagotuaren betaurreko horiek Google I/O konferentzian aurkeztu zituzten, eta, momentuz, konpainiak garatzaileen esku utzi ditu ahalik eta onura gehien ateratzeko. Horiekin, errealitate areagotuari esker, smartphone-aren edota tablet-aren zeregin asko egiteko aukera dago, begietan zuzenean.

Aipatu konferentzian aurkeztu zituztenetik, Googlek betaurreko horiekin egin daitezkeen gauzak erakusten hasi da apurka. Hala ere, orain arte ez da aukerarik egon betaurreko horiek egin dezaketen guztia zehazki ikusteko. “Glassek egin dezakeena sentitu nahi duzu? Oso sinplea da”, adierazi du konpainiak.

Erakutsitako bideoaren arabera, “argazki bat atera”, “bideo bat atera” edota “hangout bat egin” eta agindu bakoitzaren ostean “ok glass” esatearekin bakarrik, Google Glassek agindua beteko du.

Betaurreko horiek benetako iraultza sortuko dute mugikortasunaren eta errealitate areagotuaren alorrean. Asteazkenean AEBetako konpainiak produktu berriak egin dezakeena aurkezten duen bideo bat sartu zuen Youtuben. Argazkiak, bideoak, hangoutsak egiteko edota GPSan aritzeko aukera eskaintzen du begien aurrean.

Googlek, betaurrekoak zer egin dezakeen ikustearekin batera, erabiltzaileek horiek probatzea nahi du. Horretarako, boluntarioak bilatzen hasi dira. “Pertsona irudimentsuak eta ausartak bilatzen ari gara produktuaren etorkizuna bideratzen laguntzeko”, esan du konpainiak.

Aukeratua izateko, nahi duenak Google+ edo Twitter bidez #ifhadglass hastaga bidali beharko du betaurreko berriei zein erabilera emango liokeen adieraziz. Hala ere, momentuz AEBtako erabiltzaileek bakarrik hartu dezakete parte.

This entry was posted in Berriak.

About

You may also like...

Your email will not be published. Name and Email fields are required