Berriak

Googlek jakinarazi du Android sistemaren hurrengo bertsioa 68 hizkuntzatan erabili izango da, horien artean, lehenengo aldiz, baita euskaraz ere. Sistema eragile berriaren izena Android 5.0 Lollipop izango da. Euskararekin batera beste 14 hizkuntza gehitu dituzte bertsio honetan, besteak beste, galiziera, bengalia, islandiera, nepaliera, tamila,…

Android euskaraz plataforman ere eman dute honen berri, eta azken urteko prozesua aipatu dute. Bertsio berria eskuragarri dago lehenengo erabiltzaileentzat, baina gehienok aste batzuk beharko dituzte eguneratu eta erabili ahal izateko, gailuaren arabera.

Berriak

Google Glassak smartphone edo tablet baten erabilpen asko eskaintzen dizkio erabiltzaileari, begietan zuzenean.

Googlek Glass izeneko errealitate areagotuaren betaurrekoak egin dezaketena erakutsi du Youtuben sartutako bideo batean. Mountain View konpainiak betaurrekoak globo aeroestatikoan egindako bidaian, eski pista batean edota erorketa askean probatu ditu argazkiak, bideoak eta Hangouts-ak egiteko zein Google Mapsen ibilbide bat egiteko.

Errealitate areagotuaren betaurreko horiek Google I/O konferentzian aurkeztu zituzten, eta, momentuz, konpainiak garatzaileen esku utzi ditu ahalik eta onura gehien ateratzeko. Horiekin, errealitate areagotuari esker, smartphone-aren edota tablet-aren zeregin asko egiteko aukera dago, begietan zuzenean.

Aipatu konferentzian aurkeztu zituztenetik, Googlek betaurreko horiekin egin daitezkeen gauzak erakusten hasi da apurka. Hala ere, orain arte ez da aukerarik egon betaurreko horiek egin dezaketen guztia zehazki ikusteko. “Glassek egin dezakeena sentitu nahi duzu? Oso sinplea da”, adierazi du konpainiak.

Erakutsitako bideoaren arabera, “argazki bat atera”, “bideo bat atera” edota “hangout bat egin” eta agindu bakoitzaren ostean “ok glass” esatearekin bakarrik, Google Glassek agindua beteko du.

Betaurreko horiek benetako iraultza sortuko dute mugikortasunaren eta errealitate areagotuaren alorrean. Asteazkenean AEBetako konpainiak produktu berriak egin dezakeena aurkezten duen bideo bat sartu zuen Youtuben. Argazkiak, bideoak, hangoutsak egiteko edota GPSan aritzeko aukera eskaintzen du begien aurrean.

Googlek, betaurrekoak zer egin dezakeen ikustearekin batera, erabiltzaileek horiek probatzea nahi du. Horretarako, boluntarioak bilatzen hasi dira. “Pertsona irudimentsuak eta ausartak bilatzen ari gara produktuaren etorkizuna bideratzen laguntzeko”, esan du konpainiak.

Aukeratua izateko, nahi duenak Google+ edo Twitter bidez #ifhadglass hastaga bidali beharko du betaurreko berriei zein erabilera emango liokeen adieraziz. Hala ere, momentuz AEBtako erabiltzaileek bakarrik hartu dezakete parte.

Berriak

Google Trekker argazkiak ateratzen dituen motxilari esker, Googlek Arroila Handiaren argazki bilduma handitu du.

Google Street Viewek Coloradoko Arroila Handiko (AEB) argazki bilduma berritu du, Google Trekker argazkiak ateratzen dituen motxilari esker. Erreminta horrekin oinez bakarrik bisitatu daitezkeen lekuetako irudiak bildu dituzte.

2012ko urrian, Googleko esploratzaile talde bat Arroila Handira joan zen irudi berrien bila. Talde horretan Steve Silverman eta Ryan Falor adituak ere zeuden eta Google Trekker motxilarekin falta ziren txokoetako argazkiak ateratzen hasi ziren.

Ibilbidea Coloradoko Arroila Handiko Parke Nazionalaren hegoaldean hasi eta, besteak beste, Kaibab bidezidorraren hegoaldea ere bisitatu zuten.

Motxilek 15 kiloko pisua dute eta 15 lenteko Android kamerak ditu. Orain, erabiltzaileek 9.500 argazki ikusi ahal izango dituzte.

Berriak

iPad hau otsailaren 5ean jarriko du salgai, 799 dolarren (593 euro) truke wifiaren ereduan, eta 929 dolarren truke (690 euro) wifia eta telefonia-sarerako sarbidea badu.

Apple enpresa kaliforniarrak laugarren belaunaldiko iPad bertsio berria merkaturatuko duela igarri du. 128 GB izango ditu, orain arte izandako izandako memoria gaitasunaren bikoitza, enpresak ohar baten jakitera eman duenez.

iPad hau otsailaren 5ean jarriko du salgai, 799 dolarren (593 euro) truke wifiaren ereduan, eta 929 dolarren truke (690 euro) wifia eta telefonia-sarerako sarbidea badu.

128 GBeko iPada iazko azken hiruhilabetean saltutako modeloaren verbera izango da. iPad miniak ere salgai egoten jarraituko du.

9,7 hazbeteko pantaila du, “retina display” bereizmenarekin, A6X prozesadorea, iOS 6.1 sistema operatiboa, 4G sareetara (LTE) sartzeko aukera eta bereizmen handiko bideokonferentziak egiteko ahalmena izatez gain.

Berriak

Lan baldintza txarrak salatzeko milaka langile greban hasi dira eta ez dago aurreikusita lanera noiz bueltatuko diren.

Iphone 5a egiten duen Txina erdialdean dagoen Foxconn markaren lantokiko milaka langile greban hasi dira lan baldintza txarrengatik protesta egiteko eta Apple-en telefonoaren produkzioa eten egin da.

“China Labour Watch” lan eskubideen defentsarako elkarteak adierazi duenez, 3.000 eta 4.000 langile inguru hasi dira greban Zhengzhounen (Henan probintziako hiriburuan) enpresaren lan baldintzengatik protesta egiteko.

“Presio handia” dutela salatu dute eta ez dute aurreikusi lanera noiz bueltatuko diren.
Orain dela bi aste Foxconn markaren beste lantegi batean, Taiyuanen, istiluak egin ziren eta hamarnaka lagun ospitalean artatu behar izan zituzten.

Iphone 5 merkaturatu eta bi egunera gertatu ziren istiluak, iragarritako merkaturatze eguna betetzeko lan erritmoa izugarri areagotu baitzuten.

Langileek akordio bat adostu zuten Foxconn enpresarekin, ordutegia murrizteko, segurtasun neurriak hobetzeko eta onurak lortzeko, izan ere, aurretik, ehun langile inguruk, euren buruaz beste egingo zutela esanez mehatxu egin zioten konpainiari.

Applek Laneko Justiziaren Elkarteak ikerketa bat hastea eskatu zuen eta honen arabera, langileek astean 60 ordutik gora lan egiten zutela ondorioztatu zen.

Apple, Hewlett Packard Co, Nokia eta Dell Inc enpresentzat lan egiten duen elektronikako fabrikatzaile handiena da Foxconn Technology Group.

Berriak
Zuzenbide informatikoan aditu den abokatuaren ustez, tamalgarria da Espainiako agintariak “ukapen fasean” egotea, “geratu daitekeela pentsatuz”.

David Bravo eta Javier de la Cueva bezalako adituak entzun ahal izan dira gaur goizean Bilbon, Amazings 2012 jardunaldian. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Amazings plataformak antolatutako ekimenean, David Bravo eta Javier de la Cueva zuzenbide informatikoko abokatuek jabego intelektualaren legeari buruz hitz egin dute eta lege horrek hondasun kulturalak interneten doan trukatzea ahalbidetu edo utzi behar duela defendatu dute; “praktikan geldiezina dela, alegia”.

Bravoren iritziz, egungo Gobernuak pirateriaren contra egiteko sortutako “Sinde Legea” delakoa bertan behera utzi beharko luke, “epaileen gainetik salto egitea ahalbidetzen duelako; eta hori, epaileek ematen zituzten ebazpanak ez zirelako industriaren gustukoak”.

Hori bai, hondasun kulturalak Interneten doan trukatzeak “legezko egile eskubideak dituztenei” eragin diezaiekeen ondorio negatiboak arintzeko “autoreei ordaintzeko nolabaiteko sistema bat “sortu beharko litzatekeela defendatu du, “denok aprobetxatzen duguna denok sustengatu behar dugulako”.

Ildo horretan, “irtenbide bakarra ordainpeko sistema bat sortzea” dela berretsi du, “egileei berdin izateko jendeak euren obrak deskargatu edo ez; eurek berdin kobratuko dutelako”.

Espainiako agintariak oraindik ere “ukapen fasean” egotea talmagarria dela esan du Bravok: “hondasun eta jakintza kulturalaren transmisio librea geratu dezaketen zerbait dela pentsatzen jarraitzen dute” eta hori “ezin da geratu”. Bere iritziz, “ urteak beharko dira ondorio horretara irits daitezen”. “Agintariek uste dute zorroztasunez dena geratu daitekeela eta ez dira konturatzen abian dagoen mugimendua geldiezina dela eta horixe da hain zuzen ere Gobernu hau eta aurrekoa egiten saiatzen ari direna” .

Javier de la Cueva jabetza intelektualaren alorreko abokatu espezialistak esan du, berriz, Gobernuak ez duela arlo honetan “errealitatea ezagutzen”: “Ez dakite zertaz ari garen hizketan, ez dakite zer den teknologia”.
“Sortzaileak Interneten kontra daudela dioen ustea” ere alde batera utzi behar dela esan du aditu honek; izan ere, “gutxiengoa” omen dira Interneten gaiaren aurka daudenak, “gehienak alde daude”.

Horren adibide gisa jarri ditu De la Cuevak Unibertsitateko sortzaileak, esate baterako: “Euren obrak ahalik eta zabalkunderik handiena izatea nahi dute eta hori Internet bidez lortzen dute”. Kasu berean leuke De la Cuevaren iritziz, kazetariak ere: “soldata bera irabazten baitute eure obrak Interneten zabalkunde handia edo txikia izan”.

Berriak
Irailaren 27an kaleratuko du Rovio enpresak joko berria. Bad Piggies-en, Angry Birds-eko txorien erasoak pairatzen zituzten txerriek hartuko dute kontrola.

Bad Piggies jokoa, Angry Birds-eko txerritxoek kontrola hartzen duten jokoa, irailaren 27an kaleratuko dute iOS, Mac eta Android sistementzat eta 0,78 euroko balioa izango du.

Rovio enpresaren ( Angry Birds edo Amazing Alex) proposamenean, txerritxoek ibilgailu desberdinak eraiki eta erabili beharko dituzte mailak gainditzeko.

Bad Piggies-ek ere izaren sistema erabiliko du eta azkartasuna eta eraginkortasuna sarituko ditu. Hala ere, joko berriak alde batera utziko du txorien eta txerrien arteko gatazka eta erabiltzailearen trebetasuna neurtuko du.

Berriak
Internauten Elkarteak email-kateak ez berbidaltzeko dei egin du, birusak hedatzeko edota informazioa osteko erabili ohi baitira.

Interneteko erabiltzaileen % 90ek informazio faltsua edo oinarririk gabekoa irakurri dute Interneten, sareko iruzurrei eta gezurrei buruz Internauten Elkarteak egindako hirugarren ikerketaren arabera.

Txosten horren esanetan, Interneteko gezur gehienak honako gaiei buruzkoak dira: osasuna eta elikagaiak (% 32,5), teknologia (% 13) eta ekonomia (% 11).

Lan merkatuari buruzko gezurrak ugaritu egin dira azkenaldian, eta, horren haritik, espainiarren % 75ek lan eskaintza faltsuak jaso dituzte posta elektronikoan.

Internauten Elkarteak kalkulatu duenez, erabiltzaileen % 97,29k email-kateren bat jaso dute inoiz.

“Erabiltzaile gehienek badakite informazio faltsuak eta egiazkoak ezberdintzen, baina, praktikan, askok email-kateak berbidaltzen jarraitzen dute, badaezpada”, ohartarazi du Victor Domingo elkarteko presidenteak.

Aipatu kate horiek ordenagailuan “birus informatikoak” sartzeko edota adiskideei buruzko informazioa osteko erabili ohi dira.

“Informazio fidagarria ez duen mezu elektroniko bat jasotzen badugu, zentzuzkoena ezabatzea da. Irekitzen badugu, esteka bat sakatzen badugu edota gainerako adiskideei bidaltzen badiegu, birus bat hedatzeko arriskuan egongo gara, eta baliteke software horrek informazio pertsonala ostea, bankuaren datuak, kasu”, azaldu du Ofelia Tejerina Internauten Elkarteko abokatuak.

Berriak

Plug-in ezaguna abuztuaren 15ean desagerraraziko dute Play Storetik eta Android 4.1 berriak ez ditu Flash-a instalatzeko egiaztapenak eskainiko.

Flash Player, Adobe ekoizle ezagunaren plug-in (aplikazio bat, beste batekin lotzen dena funtzio berri bat izateko) ospetsua, ez dute Android gailuentzat abuztuaren 15etik aurrera gehiagorik eskainiko.

Play Storek, Google-en produktuak erosteko denda birtualak, aipatutako plug-ina eskaintzeari utziko dio eta, horrez gain, litekeena da gailuek aurreikusi ezinezko portaera izatea, egun horretatik aurrera eguneratzen saiatuz gero.

Gailu batek Flash izan dezan, beharrezkoa da egiaztatze-prozesu jakin batzuk izatea, ekoizle bakoitzarekin. Android 4.1 sistemak, esaterako, ez ditu egiaztatze horiek eskainiko eta Nexus 7 gailua, besteak beste, aplikazio hori gabe merkatuko dute.

Berriak

Enpresa kaliforniarraren gailu berria Google Play denda digitalaren bitartez lor daiteke 159,5 euroren truke.

Google enpresa kaliforniarrak Nexus 7 bere lehenengo tableta aurkeztu du asteazken honetan. Android aplikazioei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko gailua da, eta Google Play denda digitalaren bitartez lortu ahal da 159,5 euroren truke Ipar Amerikan.

ASUSekin batera diseinatutako gailu honek 7 hazbeteko bereizmen handiko ukimen-pantaila du, eta bateriak 9 ordu iraun dezake jarraian bideoak erreproduzitzen. Aurrealdean kamera bat du eta Nvidiaren Tegra 3 potentzia handiko prozesadorea ere badu.

Nexus 7 asteazken honetatik aurrera lortu daiteke Google Play denda digitalean 159,5 euroren truke, Kindle Fire arrakastatsuaren antzeko prezioa du. Hasiera batean, Ipar Amerikan, Australian eta Erresuma Batuan erosi ahal izango da uztailaren erdialdean merkatuetara iristen denean.

Tabletak Nvidiaren Tegra 3 potentzia handiko prozesadorea du, aurrealdean kamera, eta 9 ordu jarraian pasa ditzake bideoak erreproduzitzen, 300 ordu, zain. Gainera, 340 gramo pisatzen ditu.